Zer dira?

Kamishibai: Japoniako ipuinak… euskaraz!

Kami hitzak papera esan nahi du, eta Kamishibai hitzak paperezko antzerkigintza. Ipuinak kontatzeko teknika bat da kamishibai.

Japonian sortu zen 1930eko hamarkadan eta azkartu da bereziki azken hamar urteotan. Japonian kamishibaiaren teorian sakondu dute eta azkar ari da zabaltzen. Kamishibaiaren artea oso hedatuta dago Asiako hainbat herritan, esate baterako Vietnamen Laosen; Ameriketan, bereziki Estatu Batuetan hedatu da eta baita Europan ere: Frantzian, Alemanian, Suitzan, Herbeheretan eta orain Euskal Herrian.

Eskolan bereziki Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan erabil daiteke, Japoniako ipuinak ez ezik mundu osoko ipuinak ere kontatzeko eta lantzeko; beste teknika bat da, betiko irudi-liburuaren osagarria.

 

Hiru ezaugarri edo hiru giltzarri ditu kamishibaiak:

1) Beti erabiltzen dugu ‘antzeztokia’ kamishibai egiteko: butai delakoa.

2) Kamishibaiak istorioa eta irudiak ditu, umeentzako liburuek bezala, baina kamishibai egiteko beti behar da narratzailea, entzuleei begira jartzen dena eta entzuleei istorioa kontatzen diena.

3) Kamishibai paper zurruneko orrien bidez egiten da, eta orriek aurrean marrazkia eta atzean testua dituzte. Orriak atera eta sartu egin behar dira; hortaz, mugimendua ere garrantzitsua da.

Butaiaren atexkak zabaltzean, egiazko mundutik istorioaren mundurako jauzia egiten dute umeek, baina kontalaria entzuleei begira dagoenez, entzuleek badakite kontalaria egiazko munduan dutela. Kamishibaiaren bidez umeen kontzentrazioa bermatzen da, eta ikus-entzuleei begira izateak ematen dio narratzaileari aparteko aukera komunikazioa gauzatzeko. Narratzailearentzat erosoa da istorioa irakurtzen duelako, ez du buruz ikasi beharrik. Umeek istorioa bereganatzen dute, gozatzen dute eta “xarma” sortzen da, “Kyokan”, elkarreragina, interakzioa, sentimenduen konpartitzea; umeak pozik eta irakasleok ere bai.

Kamishibaien teknika egokia da hizkuntza lantzeko. Lehenbizi, entzundakoaren ulermena lantzeko; umeek, ipuina entzuteaz gain, ipuina bera ikusi ere egiten dute eta horrek asko laguntzen die dena ulertzen. Narratzailea irakaslea izaten da hasieran, baina ikasleak ere narratzaile izan daitezke; testua atzeko aldean dute irakurgai, eta eroso sentitzen dira butaiak ematen dien babespean; gure ikasle-narratzaile horien irakurriaren ulermena eta ahoskera lantzeko aukera ezin hobea. Gainera, a posteriori, ikasle guztien artean ipuin berriak sor daitezke kamishibai formatuan, ahozko adierazpena eta idazmena lantzeko.