Baliabideak - EIBZ - Ikasnova
Baliabideak - EIBZ
Baliabide didaktikoen kontsultak
Bi bide ditu erabiltzaileak baliabide didaktikoei buruzko zalantzak argitzeko: horiek azpiko datu-basean bilatzea eta, erantzunik aurkitu ezean, kontsulta egitea
Resultados
Haur Hezkuntzan euskararen erabilera bultzatzeko zenbait proposamen
Galdera
Gure ikastetxean oso zabalduta dago erderaren erabilera, D ereduko geletan ere. Gustatuko litzaidake Haur Hezkuntzan euskararen erabilera bultzatzeko zenbait proposamen, jarduera edo jolasak bidaltzea. Guk zenbait proposamen martxan jarriko ditugu baino gustatuko litzaidake zuek, material hau baldin badaukazue, nirekin partekatzea. Eskerrik asko!!
Erantzuna
Egoera
Irurtzungo IPko Haur Hezkuntzako 3 urtekoen gela. Ume batzuk euskara jakinda datoz etxetik, beste batzuk, aldiz, etxetik erdaldun. Irakaslearen arabera haien arteko harremanetan gaztelania da nagusi.
Helburua
Gelako ikasle guztiak euskarazko ereduan (D ereduan) daudenez, euskaraz maila ona lortzea da helburua ikasle bakoitzak bere ikasprozesuan aurrerapen egokia izan dezan. Hortaz gain, irakaslea eta ikasleen arteko elkareragina zein ikasleen artekoa euskaraz izan dadin urratsak ematea eta horiek neurtzea.
Urratsak eta egitekoak
1.-Abiapuntua.
Ikasleek euskaran duten hizkuntz gaitasuna zein den jakitea da abiapuntua. Irakasleak egoera zein den ulertu ondoren abiatuko baitu hobekien hizkuntza irakasteko prozesua. Beraz, ikasleen hiztun tipologia zein den jakitea garrantzitsua da. Ikusten denez, gelan hizkuntzaren jabekuntzari dagokionez tipologia desberdinetako ikasleak daude. Ikasleen artean bi hiztun tipologia nagusi daudela esan badaiteke ere, horien baitan ñabardurak egonen dira eta horiek kontuan hartzea ezinbestekoa da irakasleak gelan eginen duen lana zehazteko.
Aurreikusten diren egoerei eta tipologiei buruzko oharrak:
-
Ikasle batzuk euskara (hizkuntza) jakinda datoz eskolara. Beste batzuek, aldiz, euskaraz ez dakite eta eskolan hasi dira euskara ikasten.
-
Etxetik euskara jakinda datozen ikasleek, seguraski, gaztelaniaz etxetik erdaldun datozen ikasle horien euskara maila baino hobea izanen dute (hipotesia). Hori hala bada, ulergarria da neurri batean gaztelaniaz aritzea bi talde horien artean. Zergatik gertatzen da hori? Haur euskaldunek gaztelaniaz duten maila haur erdaldunek euskaraz duten maila baino hobea izaten delako sarritan.
-
Haur erdaldunak euskara eskolan ikastera etorri dira, prozesu bat da, eta eskolak ikaste prozesu horretan lagundu behar die.
-
Ikasleek etxean erabiltzen duten hizkuntza zein den ere kontuan hartu behar da (euskara, euskara eta gaztelania, gaztelania, beste hizkuntza bat…) hizkuntza irakasteko didaktikan indarra edo lehentasunak non paratu erabakitzeko. Esaterako, ikasle batzuek euskara etxean erabiliko dute; beste batzuek, aldiz, euskara eta gaztelania eta beste batzuek gaztelania bakarrik edo beste hizkuntza bat.
2.-Irakasleak esku hartu behar du, alegia, programatu behar du zehatz-mehatz euskara hizkuntzaren irakaskuntza ikasleen beharren arabera. Ikasle batzuendako euskara 1H izanen da eta besteendako 2H. Behar horiek pertsonalak dira, ikasle bakoitzarenak, alegia.
A-Irakaslearen gelako lanari lotutako esku-hartzeak
-
Ikasleen hiztun tipologiak eta egoerak ezagutu eta ulertzea.
-
Ahozkoa gelan modu sistematikoan eta planifikatuan lantzea.
-
Gelan giro goxoa eta atsegina izatea.
-
Ikasleak ez epaitzea. Ikasleak euskaraz egiten ez badute ez errudun sentiarazi. Gogoratu ikasle batzuk oraindik hizkuntza ikasten ari direla, giro erabat erdaldunean biziko direla, eta agian ez dute benetako aukerarik euskaraz aritzeko eskolatik kanpo; beste batzuk, aldiz, bai. HH eta LHn hizkuntzarekiko motibazioa erabileratik dator, nagusiki.
Jarraian erreferentziatzen den Uri Ruiz Bikandiren artikulu honetan hizkuntza irakasteko estrategia nagusiak jasotzen dira. Jarraian horietako batzuk aipatzen dira, baina zalantzarik gabe artikulua irakurtzea komenigarria da, irakasprozesua hobetzeko eta fintzeko.
Ruiz Bikandi, U. (2010). Ahozko hizkuntza irakastea in Bigarren hizkuntzaren didaktika Haur eta Lehen Hezkuntzan. EHU-UPV. (179-206 orr.)
1.Ikasleen hizkera garatzera bideratutako irakas-jardunak.
Ikasleak ez dira berez testu-generoak menderatzera iristen. Horretarako ikasleek generoetan eskarmentua behar dute, aldamiatzea behar dute eta gogoeta garatzen joan behar dute esan nahi denaz eta esateko moduaz. Norberaren ekoizpena hobetzeko ekoizpenaz ohartzea ezinbestekoa da. Bigarren hizkuntzaren didaktikan ikaslea bere ekoizpenez ohartzeko irakas-estrategien aldeko joera gero eta nabarmenagoa da: bai berbaldiaren ikuspuntutik bai hizkuntzaren ikuspuntutik.
Ikasgelako elkarrizketan oinarrizko irizpideak hauexek izanen dira:
-
Ikaslearen ahaleginak behar duen euskarri afektiboa.
-
Komunikazioaren etena saihestea.
-
Eskas, desegoki edo oker esandakoaz ohartzera bideratutakoak.
-
Hura berresatera laguntzera eta esanaraztea.
Haurren hizketaren edukiari eta hizkuntza-formari laguntzeko irakasleak feedback-tekniketan trebatu behar dira eta hizkuntzaren atzeraelikaduran. Halaber, ikasleei gaizki esandakoak ikusarazi behar zaizkie, hau da, formari erreparatu behar zaio (aurreko irizpideak kontuan hartuta).
Irakasleak ikasleen ekoizpenaz duen kontrola piskanaka ikasleei utzi behar die, beraiek beren ekoizpenak kontrolatzen eta horiek hobetzen joan daitezen. Irakaslearen jarduna, beraz, oso garrantzitsua da arlo honetan eta irakasleak garbi izan behar ditu irizpideak ikasgelako berbaldiaren parte hartzeaz edo kudeaketaz.
2. Irakaslearen hizketak (komunikazioaren parte direnak) betetzen dituen funtzioak ezagutzea.
-
Segurtasun afektiboa eskaintzea.
-
Ikasleen hizkuntza- eta berbaldia-ariketaren eredua ematea.
-
Haur guztiak eta bakoitza hizketan jartzea.
-
Gauzak esaten laguntzea.
-
Haurren parte-hartzeak kudeatzea.
-
Aurrez dakitenarekin zerikusia duten kontzeptuak azaltzea.
-
Egiten ari diren lanari buruz eztabaidatzen eta gogoetan aurrera egiten laguntzea.
-
Hizkuntzaren erabilerari buruzko hausnarketa eragitea.
-
Ikasleen esperientzia orientatzea eta sistematizatzea, behatutako egintzen gaineko gogoetaren abstrakzio- edo orokortze-maila jasoz.
-
Ikasgelako jarduerak antolatzea, taldeak, espazioak, denborak et zereginak erabakiz.
-
Jokabide-arauak ematea eta gogoratzea ikasgelako gizarte-bizitzan.
3. Ikasleek hizketaldian elkarrizketaren arauak gero eta hobeto menderatzeko bideak.
Errituek eta errutinek garrantzia handia dute eskolako bizitzan eta gakoak dira 2Hko lehen faseen garapenean. Esaterako, jarduera edo egitasmo bat planifikatzeko, gatazkak konpontzeko eta eguneroko kontakizunak trukatzeko ikasleak biribilean talde handian jarrita egiten diren solasaldiak.
Taldeko elkarrizketa arauen eboluzioak praktika handia eskatzen du gaien tratamenduan (gaiak eta azpigaiak), horiek nola lotu, hizkera-denborak neurtu, solaskideen arreta kontrolatu, HHn hasten dira ikaskuntza horiek eta gero LHn jarraitzen dute.
Hala ere, taldeko solasaldiek badituzte zenbait arrisku: ikasleek irakaslearendako bakarrik hitz egitea, hortaz, ikaskideek ez dute parte hartzen eta arreta galtzen dute; gaien interesarekin lotutakoak, irakasleak gaia ikasleen interesekoa izatea zaindu behar du; ikasleak 2Hn taldean komunikatzen direnean kideei entzuten ohitzea (hasieran nekagarri samarra). Arrisku horiek saihesteko adibidez bide hauek erabil daitezke: gaiak negoziatzea eta aldatzea, parte-hartzaileak aldatzea, hitz egiteko txanda ematea…
B-Irakasleak gurasoei eman beharreko mezuak, gurasoak ikasleen euskalduntze prozesuan eta euskararen erabileran aliatu bihur daitezen.
Oso-oso garrantzitsua da etxeetan euskarari tokia eskaintzea: jarduera ludikoen bidez, euskarazko marrazki bizidunen bidez , ipuinen bidez, jokoen bidez, eta abar.
Guraso bileretan mezu hauek azpimarratzea garrantzitsua da:
-
Ikasleek euskara maila ona lor dezaten denon lana ezinbestekoa da, gurasoena ere bai, nahiz eta euskaraz ez jakin. Beraien seme-alabendako egin duten hautua babesten jarraitu behar dute.
-
Gurasoak eta irakasleak norabide berean egonez gero, emaitza hobetzen da, alegia, ikaslearen hizkuntz gaitasunari eta atxikimenduari mesede egiten zaie.
-
Guraso moduan, euskararekiko aktiboak izan.
-
Gurasoek euskara jakinez gero, ahalik eta gehien erabili.
-
Euskararekiko jarrera positiboak transmititu. Euskara jakin gabe ere egin daiteke hori.
-
Aisialdiko jarduerak aukeratzeko garaian euskarazkoak aukeratu ahal dela.
-
Euskarazko kultur jardueretara eraman.
-
Gurasoei orientabideak emateko baliabideak:
https://eranafarroa.eus/dekalogoa-10-aholku-euskaraz-hazteko/
https://eranafarroa.eus/egin-euskaraz-eta-hala-ere-ez-badu-egiten/
-
Irakaskuntzaren ikuspegitik eskola eta familiaren lana osatzeko orientabideak. Euskaraz guraso euskaldunendako eta gaztelaniaz guraso erdaldunendako.
C-Ikasleen ahozko komunikazio gaitasuna gelan lantzeko baliabideak
ERA. Belaunaldi berrien aukera. La era del euskera.
https://eranafarroa.eus/baliabideak/
2022ko maiatza
Literatur sorkuntza irakasgaia
Galdera:
Garai batean eman nuen zuen Literatur sorkuntza ikasgaiaren inguruko materiala berreskuratu nahiko nuke; bereziki, kazetaritza atalekoa (CDa hondaturik dut eta ezin ikusi). Nola lor nezake material hori, hots, garai bateko Literatur sorkuntza DBH 1eko kazetaritza atalari dagokion materiala?
Erantzuna:
Literatur sorkuntza hautazko irakasgaia EIBZren webgunean eskuragarri dago osorik esteka honetan:
http://eibz.educacion.navarra.es/baliabideak/dbh/literatur_sorkun/index.htm
Gainera, liburukia —CDa barnean du— paperean kontsultatu nahi baduzu edo maileguan eraman, EIBZn eskuragai daukazu.
Onomatopeien zerrendak
Galdera:
Euskaraz erabiltzen diren onomatopeien zerrenda bat edo horrelako zerbaiten berri
eman ahal didazue, mesedez? Ikerketa sakonak, bertzerik ez dut aurkitzen.
Eskerrik anitz
Erantzuna:
Hona hemen euskal onomatopeien lau zerrenda. Agian ikusiko duzu zerrenda
batetik bestera zenbait onomatopeia ezberdinak direla nahiz eta soinu edo hots bera adierazteko izan. Hizkuntza batetik bestera aldatzen diren bezala, euskalki batetik bestera ere aldatzen dira, eta toki batean era batera adierazten dena beste batean beste batera egiten da. Horietan, zuk zeuk hauta ezazu gustukoena edota adierazgarriena iruditzen zaizuna.
-IVAP: Galdezka (121-130 orr.)
-Berria: Estilo liburua
-Eitb: Bihotzak taup-taup egiten al dizu? Euskal onomatopeiak!
-Joseba Aurkenerena: Euskal onomatopeiak berreskuratzen
Gaztagintzari edota artzaintzari buruzko dokumentala
Galdera
Gaztagintza gaia lantzen ari gara eta jakin nahiko genuke ea baduzuen dokumentalik gaztaren edota artzaintzaren inguruan.
Erantzuna
EIBZn ez dugu gai horren gaineko dokumentalik, baina ondorengoa topatu dugu sarean:
Antzara jokoan aritzeko materialak
Galdera
Baduzue antzara-jokoan euskaraz aritzeko materialik?
Mila esker.
Erantzuna
Material eta proposamen didaktiko batzuk badira antzara-jokoan aritzeko:
1. Nafarroako irakasle batzuek sortutako proposamen didaktikoa.
2. Asier Larrinaga Larrazabalek www.erabili.eus webgunean proposatutakoa: Afalostean, familiarekin jolasean. Eta jokatzeko balia daitezkeen “probak”, aurreko dokumentutik beretik ere eskuragarri: Antzara jokoa_Larrinaga.
3. Antzara-jokoan aritzeko lexikoa: Ikasbil.net.
Animalien onomatopeiak lantzeko, beste ohol bat erabil daiteke: Animalien jokoa. Ohola.
Irakasleok jokoa ikasgelarako molda dezakezue, noski, lortu nahi dituzuen helburuen arabera. Dena den, aipatu dokumentuetan dauden formulak erabiltzea komeni da.
A eredurako liburu egokiak (Lehen Hezkuntza)
Galdera
A ereduko Lehen Hezkuntzan irakurtzeko baliagarriak diren liburuen zerrenda bat lortu nahi genuke gure eskolako Euskara Mintegiko liburutegia osatzeko. Non lor dezakegu informazio hau? Zein argitaletxek lan egiten du arlo honetan?
Mila esker aldez aurretik.
Erantzuna
Gure proposamena ondorengo loturetan aurki dezakezue:
A eredurako proposamena (Lehen Hezkuntzan irakurtzeko liburuak)
A eredurako erreseina batzuk (EIBZ)
Zerrendako liburuak ez dira propio A eredurako sortutakoak, baina, gure ustez, eredu horretarako baliagarriak dira. EIBZko webgunean, irakurketa gidak izeneko atalean A eredurako liburuak izenburupean hainbat libururi buruzko informazioa dago eta liburu ibiltariei buruzko informazioa ere erabilgarria izan daiteke. Horietaz gain, goiko taulan ageri diren liburu batzuen fitxak A ereduko blogean, liburuen atalean, ikus daitezke.
Bulegariendako aholkuak, zuzen idazteko
Galdera
Bulegariok, egunean zehar, esaldi asko errepikatzen ditugu. Ba al daude euskaraz jasota nonbait
esaldi, esaera… bereziak bulegarientzako? Egunero hamaika aldiz erabiltzen ditugu, baina ongi?
Erantzuna
Hona hemen bulegariondako interesgarriak diren beste informazio osagarri batzuk, testu idatziak modu egokian sortzeko:
a) Ohar, mezu eta gutunetan erabiltzeko agur eta formuletarako zenbait aholku:
-
Mezu elektronikoez, Power Pointak: Ehureka 8, Ehureka 9, Ehureka 10.
-
Oharrez eta kartelez, Power Pointak: Ehureka 17.
-
KONTSULTARAKO MATERIALAK
a) Bulego-materialen Hiztegia.
b) “Atezainok euskaraz” PDFa.
Oro har, gomendatu dizkizugun materialez gain, Azpidazki helbidean zuen interesekoak izan daitezkeen beste PDF batzuk ere badaude (ikusiko duzu gehienak hortik bildu ditugula).
AZPIDAZKIn argitaratzen dituzten berrien jakitun egon nahi baduzue, harpidetza egin ezazue helbide honetan: http://www.ehu.es/azpidazki/rss.asp.
Baliagarria izatea espero dugu.
Bulegariendako aholkuak, ahoz aritzeko
Galdera
Bulegariok, egunean zehar, esaldi asko errepikatzen ditugu. Adibidez, telefono-harrera ongi egiteko. Ba al daude euskaraz jasota nonbait esaldi, esaera… bereziak bulegarientzako?
Egunero hamaika aldiz erabiltzen ditugu, baina ongi?
Erantzuna
Hona hemen, Interneten denon eskura dauden zenbait helbide eta material. Telefonoa hartzen duenarendako zenbait aholku edo gomendio dira: harrera nola egin, formula edo esapide erabilgarri batzuk, eta erdararen eraginez-edo egiten diren ohiko akats batzuen azalpena.
b) Aholkuak, Power Point bidez azalduta:
c) “Telefono haritik ari garela” artikulua, Administrazioa euskaraz aldizkaria, 29. alea, 18-19. orr., 2000ko uztaila, IVAP.
d) “Telefono zenbakien idazkera eta irakurketa” artikulua, Administrazioa euskaraz aldizkaria, 38. zenbakia, 17. or., 2002ko urria, IVAP.
e) Harrera aurrez aurre egiten denerako, zenbait gomendio eta formula:
KONTSULTARAKO MATERIALAK
a) Bulego-materialen Hiztegia.
b) “Atezainok euskaraz” PDFa.
Oro har, gomendatu dizkizugun materialez gain, Azpidazki helbidean zuen interesekoak izan daitezkeen beste PDF batzuk ere badaude (ikusiko duzu gehienak hortik bildu ditugula).
AZPIDAZKIn argitaratzen dituzten berrien jakitun egon nahi baduzue, harpidetza egin ezazue helbide honetan: http://www.ehu.es/azpidazki/rss.asp
Baliagarria izatea espero dugu.
Haurren materialak
Galdera
Kaixo:
Zer moduz? Laguntza eske nator. Begira, haurren ikastolako lanekin askotan erotuak gaude materiala euskaraz lortzeko. Ez duzue jakinen guri eman diguzuen bezala helbideren bat edota web bat entziklopediekin, testu liburuak, eta abar? Nire semeek 3, 7 eta 10 urte dute, denetarik pixka bat.
Zerrendatxo hori bidaltzen badidazu familia osoak eskertuko dizu.
Jakinez gero, eskertuko nizueke; bestela, eskerrik asko.
Erantzuna
Galdera oso irekia zenez, zaila da erantzutea. Hemen bidaltzen dizkizut, nire ustez, interesgarriak izan daitezkeen helbide batzuk:
Berritzegune Nagusian:
Hizkuntzen komunikaziorako gaitasunak
Hizkuntzen irakaskuntzarako materialak: ikasgelarako proposamenak
Oinarrizko gaitasunak: 2.3. material didaktikoa
Leioako Berritzegunean:
Donostiako Berritzegunean:
Donostiako Berritzegunearen bloga
A eredurako baliabide batzuk
Galdera:
Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako 2. zikloan ematen dut euskara. Lehenengo aldia da, eta baliabide aproposen gida baten falta nabari dut. A ereduko ikasleentzat egokiak izan daitezkeen asmakizunak, txisteak, aho korapiloak, jolasak, kantak, irakurketak… landu nahiko nituzke. Baduzue gidarik edota material lagungarririk? Akaso, gehiegitxo eskatzen nabil, baina eskertuko nizueke gomendioren bat ematea. Eskerrik asko!
Erantzuna:
Gure blogean baliabide batzuk aurkituko dituzu: A eredua Nafarroan
Bestalde, A eredurako materialen artean, hementxe daukazu sailkapen bat. Argitaletxe batzuek badaukate, hain zuzen ere, eredu honetarako materiala, baina gehienek ez dute deus ere. Horrelakoetan baliagarria izan daiteke D eredurako dagoena baino maila baxuagokoa begiratzea.
Adibidez:
- Anaya argitaletxeak badauzka Lehen Hezkuntza osorako testu liburuak.
- Santillanaren kasuan, bigarren zikloan lantzeko LHko 2. mailako testu liburuak agian erabilgarriak izan daitezke: irakurgaiak, ariketak…
| IZENBURUA | MAILA | ARGITALETXEA | EREDUA |
| EUSKARA kolorezko xingola | 3 | ANAYA-ARITZA | A |
| Proposamen didaktikoa (gida)EUSKARA kolorezko xingola | 3 | ANAYA-ARITZA | A |
| EUSKARA kolorezko xingolaKasetea3 (ipuinak, abestiak,…) | 3 | ANAYA-ARITZA | A |
| EUSKARA kolorezko xingola | 4 | ANAYA-ARITZA | A |
| Proposamen didaktikoa (gida)EUSKARA kolorezko xingola | 4 | ANAYA-ARITZA | A |
| EUSKARA kolorezko xingolaKasetea 4(ipuinak, abestiak,…) | 4 | ANAYA-ARITZA | A |
| Hizkuntza Adi-Adi 2-1 | 2 | SANTILLANA | D |
| Hizkuntza Adi-Adi 2-2 | 2 | SANTILLANA | D |
| Hizkuntza Adi-Adi 2-3 | 2 | SANTILLANA | D |
| Irakurmena lantzeko fitxak | 2 | SANTILLANA | D |
| Irakurmena lantzeko fitxak | 3 | SANTILLANA | D |
| Irakurmena lantzeko fitxak | 4 | SANTILLANA | D |
BESTELAKO LIBURUAK: abestiak, asmakizunak, esaera zaharrak…
| IZENBURUA | EGILEA | ARGITALETXEA |
| Haur folklorearen bilduma | Xabier Etxaniz | Pamiela |
| Txorakikeriak: txisteak, nazioarteko txiskeriak eta beste | Kike Amonarriz eta Xabier Relleria | Argia |
| Esaera zaharrak eta txiste berriak | J. Ormazabal | Elkar |
| Kalezuloko animalien itzalak | Lutxo Egia | Pamiela |
| Hamabi titare (txikientzat) | Karlos Linazasoro | Aizkorri |
| Begi-niniaren poemak | Juan Kruz Igerabide | Erein |
| Botoi bat bezalaComo un botón(bi hizkuntzetan) | Juan Kruz Igerabide eta Elena Odriozola | Anaya-Aritza |
| Zer dela eta zer dela | Xabier Etxaniz eta Agurtzane Villate | Pamiela |
| Auskalo! Igarkizuna eta aho-korapiloak | Xabier Olaso eta Agurtzane Villate | Pamiela |
| Mattin Parrat. Kanta zaharrekin jolasean | Juan Kruz Igerabide eta Jokin Mitxelena | Susaeta |
| Mintzo naiz isilik… | Juan Kruz Igerabide eta Lorena Martínez | Elkarlanean |
Webgune batzuen berri ematen dizugu; oso gauza politak daude.
- Abestiak (HABEikasbil).
- Atazak, abestietan oinarrituta (HABE-ikasbil).
- Ipuinak, jokoak, kantak: http://www.txiki.net
- IkasGuay, hau da, Lehen Hezkuntzako ikasleentzako webgune interesgarrien bilduma.
- Abestiak, txisteak, ipuinak…: http://www.pelloerrota.com/
