Baliabide bankuak

    

Sarrera

Jarraian gure baliabideetan txertatzeko multimedia baliabideen hainbat banku eskaintzen ditugu.

Informazio hau Cedec-en “Bancos gratuitos de imágenes, música, iconos, vídeos y sonidos” artikulutik atera dugu (CC BY-SA).

OHAR GARRANTZITSUA: baliabide bakoitzaren baimena zein den (zer baldintzatan zer ekintza egitea ahalbidetzen duen) ongi ikusi behar da.

 

 


 

Irudiak

  • INTEFen irudi-bankua. Irudiak etapaka (Lehen Hezkuntza, DBH, Batxilergoa eta LH) eta irakasgaiaren arabera katalogatzen dira. Irudiei CC BY NC SA lizentzia ezartzen zaie.

  • EMTICen irudi-bankua. Extremadurako Juntaren Hezkuntza eta Enplegu Kontseilaritzaren CREA proiektuaren irudi-bankua (CC BY-SA).

  • CC-Search. Creativecommons.org webguneko bilatzailea da; Creative Commons lizentzia duten hainbat iturritako irudiak bilatzen ditu, eta aukera ematen du horiek lizentziaren, iturriaren, formatuaren, tamainaren edo emanen zaion erabileraren arabera iragazteko. Irudi guztietan adierazita dago zein Creative Commons lizentzia duen aplikatuta.

  • FlickrCC. Argazkiak edo bideoak online biltegiratu, ordenatu, bilatu, saldu edo partekatzeko aukera ematen duen webgunea da. CC lizentzia duten irudiak bilatzeko aukera ematen du. 

  • Google Image. Googleren bilatzailean lehentasunen arabera iragaz ditzakegu materialak, “Tresnak” > “Erabilera eskubideak” eremuan sakatuta. Nolanahi ere, xede orrialdean lizentzia egiaztatzea komeni da beti.

  • Pixabay. Orrialde honek kalitate handiko milaka irudi, ilustrazio eta bektore eskaintzen ditu, hainbat tamaina eta formatutan deskargatzeko moduan. Pixabayren lizentziaren baldintzak sinpleak dira: oro har, edozein erabileratarako erabil eta moldatu daitezke material guztiak (helburu komertziala edo ez-komertziala), egilea nor den jakin behar izanik gabe (hala ere, begirune arrazoiak direla eta, nor den aitortzea gomendatzen dugu).

  • Pexels. Kalitate handiko argazkiak aurki ditzakegu webgune honetan, hainbat tamainatan deskargatzeko moduan (baita tamaina pertsonalizatuan ere). Pixabayn bezalaxe, Pexels materialen lizentziak aukera ematen du material hori egilea aipatu edo aitortu gabe erabiltzeko eta moldatzeko (helburu komertzialetarako zein ez-komertzialetarako).

  • Pixnio.com/es. Jabari publikoko materialen gordailua da, eta, ondorioz, libreki erabili, moldatu edo banatu daiteke erabilera pertsonal zein komertzialerako. Irudiak kategoriaren arabera antolatuta daude albumetan, eta gama kromatikoaren arabera iragaz daitezke, baita hainbat neurritan deskargatu ere.

  • Unsplash. Ingelesez dagoen irudien gordailu honek aukera ematen du materialak egilea esleitu gabe erabili eta moldatzeko (helburu komertzialetarako zein ez-tkomertzialetarako). Bilaketa errazteko, irudiak “topic” edo gaiaren arabera antolatuta daude, eta hainbat neurritan deskarga daitezke.

  • Morguefile. Ingelesez dagoen webgune honek doako irudi askeei eskainitako atal bat dauka, aurreko gordailuek bezalaxe. Irudiak hainbat formatutan deskarga daitezke, eta argazki jakin bat eskatzeko aukera ematen du (erregistratu ondoren, “request an image” atalean). Gainera, doakoak ez diren beste gordailu batzuetako irudiak ere eskaintzen ditu (iStock, Getty, Shutterstock, etab.).

  • StockSnap. Ingelesez dagoen webgune honek bere zein beste baliabide banku batzuen (Pexels, Pixabay…) irudi askeak eskaintzen ditu. Lizentziek Creative Commons CC0 hartzen dute (jabari publikoa).

  • Gratisography. Ingelesez dagoen webgune honetan ez da oso irudi sorta zabala eskaintzen, baina sormen ukitu handiagoa du. Irudiak askeak dira eta, horri esker, helburu komertzial zein pertsonaletarako erabiltzen ahal dira.

  • Lifeofpix. Ingelesez dagoen biltegi honetan jabari publikoko irudiak bilduta daude. Irudiak kategoriatan antolatuta daude, eta, horietara sartutakoan, bakoitzaren gama kromatikoa adierazita dago.

  • Magdeleine. Ingelesez dagoen irudien banku honetan CC0 edo CC BY lizentziadun materialak biltzen dira. Irudiak kategoriatan antolatzen dira.

  • Pics4Learning. Ingelesez dagoen irudien biltegi hau hezkuntza arlora bideratuta dago. Irudiak jabari publikokoak dira, eta bildumatan antolatuta daude. 

  • Svgsilh. CC0 lizentzia (jabari publikoa) duten irudi bektorialak (svg) biltzen ditu webgune honek. Erabiltzaileak adierazi duen kolorean deskarga daiteke fitxategia.

 

 


 

Ikonoak

  • Flaticon.es.  Ingelesez eta gaztelaniaz dagoen webgune honetan (flaticon eta bestelakoak barne hartzen ditu), doako ikonoen sorta zabala eskaintzen da, bilduma eta gama kromatikoen arabera antolatuta. Ikono gehienak svg eta eps formatu bektorialetan deskargatzen ahal dira, baina baita png irudi formatuan ere. Nahitaezkoa da egileari aitortza egitea, premium bertsioa erabili nahi ez badugu behintzat.

  • Freeicons.io. Ingelesez dagoen webgune honek hainbat estilotako ikonoen bilatzailea eskaintzen du (3D, lineadunak, linearik gabeak, etab.). Ikonoa hainbat formatutan deskarga daiteke, batez ere svg formatu bektorialean eta png irudi formatuan. Ikono eta irudiak jabari publikokoak dira.

  • Publicdomainvectors. Webgune honek aukera ematen du CC0 lizentzia (jabari publikoa) duten bektoreak aurkitu eta deskargatzeko, svg, eps edo ai formatuetan. Svg bektoreak editatu eta sortzeko tresna bat ere eskaintzen du.

  • Icon-icons.org.  Orrialde honetan PNG, ICO, ICNS formatuetan eta SVG formatu bektorialean deskarga daitezke ikonoak. Kolore eta estiloaren arabera egin daiteke bilaketa, eta tamaina definitzeko aukera ematen du, pixeletan.

  • Material Design ikonoak. Ikono libreen bankua da, svg formatuan deskargatzeko aukera ematen duena. Ikono animatuak ere eskaintzen ditu.

 

 


 

Musika

  • Audionautix. Ingelesez dagoen webgune honetan Jason Sawren musika kreazioak bilduta daude, CC BY lizentzia ezarrita. Bilatzaileak aukera ematen du musika generoaren (jazz, pop, funk…), eragiten duen emozioaren (poza, lasaitasuna, etab.) eta tempoaren arabera aukeratzeko.

  • Free Music Archive. Ingelesez dagoen webgune honetan lizentziadun musika piezak biltzen dira, CC kategorien arabera sailkatuta, jabari publikokoak barne. Bilatzaileak aukera ematen du generoaren eta iraupenaren arabera aukeratzeko. 

  • Freesound. Ingelesez dagoen webgune honetan, CC lizentzien bidez araututako musika piezak eta soinuen bankuak bilduta daude (hiru motatako lizentzien artean hauta daiteke), eta bertan nabigatzeko zein soinuak deskargatu eta partekatzeko aukera eskaintzen da. Bilatzailearen bitartez, bi bilaketa motaren artean hauta daiteke: bilaketa errazak aukera ematen du emaitzak garrantziaren, iraupenaren, igotze dataren edo deskarga kopuruaren arabera ordenatzeko; eta bilaketa aurreratuak, berriz, etiketak, erabiltzaileen izenak, musika paketeak, iraupena eta abarrak etiketatzeko aukera ematen du. 

  • Incompetech.com/music. Ingelesez dagoen webgune honek musika pieza ugari eskaintzen ditu, neurri handi batean CC BY edo CC BY SA lizentzien bidez babestuta. Bilatzaileak aukera ematen du generoaren eta gaiaren arabera aukeratzeko. Musika piezak mp3 formatuan deskargatzen dira, eta ez da beharrezkoa erregistratzea.

  • Ccmixter.org. CC lizentzien bidez babestutako musika bilduma. Musika kategoriatan bereizita dago, eta bilatzaileak hainbat aukera eskaintzen ditu: aukera bat hautatzean, lizentziari, iraupenari eta egileari buruzko informazioa agertzen da. Musika piezak mp3 formatuan deskargatzen dira.

  • Zapsplat. Ingelesez dagoen webgune honek musika eta soinuen bilduma zabala eskaintzen du, CC BY lizentziaren bidez babestutakoa. Musika piezak kategoriatan antolatuta daude, eta mp3 zein wav formatuetan deskarga daitezke. Erregistratu egin behar da.

 

 


 

Soinuak

  • INTEFen soinuen bankua. Berariaz hezkuntza arlorako diseinatutako bilduma da, eta, irudiak bezalaxe, soinuak ere etaparen (Lehen Hezkuntza, DBH; Batxilergoa eta LH) eta gaiaren arabera katalogatuta daude. Gainera, bilatzaileak aukera ematen du “bildumak” atalean ezagutza arloa hautatzeko (adib. nekazaritzako eta abeltzaintzako jarduerak, elikagaiak, artea, etab.), eta eskuliburu labur eta erabilgarria dauka bilaketa optimizatzeko. Bilatzailean erraz bila daitezke soinuak: nahi den soinua eranstean, horrekin lotura duten guztiak agertzen dira. Soinu fitxategiak mp3, wag eta ogg formatuetan deskarga daitezke.

  • SoundBible. CC BY SA lizentzia duten soinuen bankua. Webgune hau ingelesez dago. Soinuak mp3 eta wav formatuan deskargatzen dira.

  • Zapsplat. Ingelesez dagoen webgune honek musika eta soinuen bilduma zabala eskaintzen du, CC BY lizentziaren bidez babestutakoa. Soinuak kategoriatan antolatuta daude, eta mp3 zein wav formatuetan deskarga daitezke. Erregistratu egin behar da.

  • 99sounds. Ingelesez dagoen webgune honek musika librea eskaintzen du, eta egilearen esleipena egitea iradokitzen da. Musika bildumatan katalogatuta dago.

  • Videvo.net/es. Webgune hau gaztelaniaz dago erabilgarri. Doako soinu eta bideoak eskaintzen dira edozein proiektu pertsonal zein komertzialetan erabiltzeko, baina nahitaezko baldintza gisa ezartzen du egilea nor den aitortzea. Soinuak mp3 formatuan deskargatzen dira.

 

 


 

Bideoak

  • La aventura de aprender. INTEFen bideoen bilduma da; bilatzailearen bitartez iristen da bideoetara, zeinak CC lizentzien bidez katalogatuta baitaude. Bideoak esperientzietan eta glosarioan aurki daitezke. Bideoak kapsulatu egin daitezke, eta webm edota mp4 formatuetan ematen dira.

  • YouTube. YouTuben argitaratzen diren bideoek bi motatako lizentziak izan ditzakete: YouTube estandarra edo CC BY Creative Commons lizentzia. CC lizentzia duten bideoak bilatzeko, bilatzailea erabili behar da, eta ondoren “Ezaugarriak” > “Creative Commons” aukerak iragazi.

  • Vimeo. Plataforma honek aukera ematen du edozein CC lizentzia duten materialak argitaratzeko, eta bilaketaren emaitzak lizentzia jakin baten arabera iragazteko aukera ematen du, materialarekin zer egin nahi dugun kontuan hartuta.

  • Pixabay. Irudiez gain, bideoklipak ere bila ditzakegu gure materialetan txertatzeko. Pixabayren lizentziaren baldintzak sinpleak dira: oro har, edozein erabileratarako erabil eta moldatu daitezke material guztiak (helburu komertziala edo ez-komertziala), egilea nor den jakin behar izanik gabe (hala ere, begirune arrazoiak direla eta, nor den aitortzea gomendatzen dugu).

  • Pexels. Webgune honetan kalitate handiko bideoklipak aurki ditzakegu. Pixabayn bezalaxe, Pexels materialen lizentziak aukera ematen du material hori egilea aipatu edo aitortu gabe erabiltzeko eta moldatzeko.

  • Videvo.net/es. Webgune hau gaztelaniaz dago. Doako bideoak eta mugimenduzko irudiak eskaintzen dira edozein proiektu pertsonal zein komertzialetan erabiltzeko, baina nahitaezko baldintza gisa ezartzen du egilearen esleipena egitea. Bideoak kategoriatan antolatuta daude, bereizmenaren eta Videvo lizentziaren arabera, eta premium bertsioan aukera zabalagoa eskaintzen da. Bideoak mov formatuan deskargatzen dira.

  • Coverr.co. Ingelesez dagoen webgune honetan gaiaren arabera antolatuta eskaintzen dira bideoak; horiek guztiak beste material batzuetan kapsulatzen ahal dira, eta proiektu komertzial zein pertsonaletan erabiltzen ahal dira, egilea aipatu behar izan gabe. Bideoak mp4 formatuan deskargatzen dira.

  • Videezy. Gaztelaniaz erabilgarri dago bideoen bilduma hau. Bi bertsioren bidez iris daiteke bertara: standard bertsioa eta premium bertsioa, zeinak aukera zabalagoa eskaintzen baitu. Bilatzaileak aukera ematen du lizentzia motaren (estandarra, premium edo CC), bereizmenaren eta deskargatzeko formatuaren (mp4 eta mov) arabera iragazteko.

  • Motionselements. Gaztelaniaz erabilgarri dagoen webgune honek bideoak, irudiak, animazioak eskaintzen ditu, besteak beste. Bilatzaileak aukera ematen du, erregistratu ondoren, bideo askeak hautatzeko eta deskargatzeko. Astean gehienez 5 bideo eskura daitezke doan.

 

 


 

Kredituak eta lizentzia

(Azken eguneraketa: 2023ko maiatza)

 


Multimedia balibideen bankuak izenburua duen  Nafarroako Gobernuaren lan  hau (itzulpena, EuskarabidekoItzulpen Atala; maketazioa eta egokitzapena, EIBZ), Cedecen Bancos gratuitos de imágenes, música, iconos, vídeos y sonidos artikuluaren itzulpena eta egokitzapena da eta  Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin 4.0 Nazioartekoa lizentzia baten mende dago.